PEDAGOGISMOAREN GEZURTAPEN BAT
Autorea: Tere Maldonado
ISBN: 978-84-1360-498-5
EAN: 9788413604985
Argitaletxea: Elkar
Bilduma: Eztabaida
Edizio data: 2025
Orri kopurua: 300
PVP originala: 23,00 €
Denok dugu garbi eskolak zer izan behar ez duen: instituzio iluna eta zurruna, irakasle ernegatu eta autoritarioz betea, ikasleak zigorpean beldurrez edukitzen dituztenak eta zentzurik gabeko zerrendak loritoen moduan ikastera behartzen dituztenak.
Eskola mota hori, baina, antzina desagertu zen gure artetik, zorionez. Alabaina, hezkuntzaren errealitatea oraindik ere halakoa bailitzan, horren alternatiba izan behar luketen berrikuntzak proposatzen dira aspalditik eta etengabe, beste eskola-eredu baten bila: irekiago, libreago, gizartearekin lotuago… Zer lortu nahi da, ordea, proposamen-zaparrada horrekin?
Tere Maldonadok, urte askotako ofizioak dakarren esperientziaz eta bizitza osoko irakurketa eta hausnarketek ematen duten aberastasunaz, saiakera ausart eta mamitsu bat ondu du, txalo errazetik ihesi, guztiok pentsatzera gonbidatu nahi gaituena.
Gaiari zabaletik helduz, gaurko moda pedagogiko askoren erro anti-ilustratuak aztertzeari ekin dio lehenik, baita 68ko maiatzak izandako eragin sakonak ere, ezkerraren zati handi bat, asmorik onenaz, neoliberalismoari eta kapitalismoari interesatzen zaizkien ikuspegiak gogotsu onartzera eraman dutenak.
Askatasunaz, biraketa emozionalaz, helduzentrismoaz, publikoaz eta pribatuaz, berdintasunaz eta diferentziaz, ikasleen tratamendu indibidualaz, mugak ezartzeaz eta lausotzeaz… Gai anitzez ari da egilea, zorrotz eta zehatz, polemikari itzuri gabe baina bere iritziak errespetuz adieraziz eta bibliografia oparo batean oinarrituz.