NERABEAREN BILUZIA
Autorea: Xabier Mendiguren Elizegi
ISBN: 978-84-8331-556-9
EAN: 9788483315569
Argitaletxea: Elkar
Bilduma: Literatura
Edizio data:
Orri kopurua: 132
PVP originala: 15.40 €
Sinopsia
Euskaraz oso gutxi landu den generoa da oroitzapen liburuarena; Xabier Mendiguren Elizegi ere ez da bizitza oparo eta luzea gogoratzen hasteko bezain zaharra, baina aitorkizun-liburu bat egin du oraingoan. Zehatzago esanda, berak 14-18 urte zitueneko garaia oroitu eta kontatu digu, 1978-1982 bitartekoa hain zuzen ere.
Zalantza-garaia izan ohi da adoleszentzia edo nerabezaroa, eta giro horretan sartu da Mendiguren, orduko bere duda-mudak, beldurrak eta ezinak modu aski gordinean plazaratuz. Hortik Nerabearen biluzia, aldi berean biluzte-ekintza eta gaztetxoaren ziurgabeziazko egoera adierazten dituena.
Garapen eta heltze prozesua ere bada nerabearena, eta bere bilakaera kontatzen digu egileak, hainbat alorretan: erlijioa, politika, amodioa, literatura… Idealismo lañoa eta zinismo goiztiarra eskutik helduta doaz liburuko pasadizoetan, etengabeak dira kontraesanak eta baita mundua lehenengoz ikusten duenaren deskubrimenduak ere.
Oroitzapen-liburuek bi xede izan ohi dituzte: batetik, egileak bere barrena hustu eta erakusten digu; bestetik, berriz, norberaren indibidualtasunaren azpitik denok batzen gaituzten lokarri ezkutuak ere atzeman ohi ditugu, eta alde horretatik asko izango dira pasarte batean edo bestean identifikatuta sentituko diren irakurleak, dela alderdi pertsonaletan dela soziologikoetan.