MIRANDE, HERRIMINEZ, EZIN-MINEZ
Autorea: Mikel Soto Nolasko
ISBN: 978-84-1360-482-4
EAN: 9788413604824
Argitaletxea: Elkar
Bilduma: Lekuko
Edizio data: 2025
Orri kopurua: 500
PVP originala: 30,00 €
Mirande euskal literaturaren berritzailea, Mirande nazia, Mirande esteta sentibera, Mirande pederasta, Mirande poeta jeniala, Mirande arrazista, Mirande druida zelta eta euskal hitzen alkimista, poliglota autodidakta eta amazulo alkoholizatua, misteriotsua eta minbera, adeitsu eta probokatzailea… Zer dugu Miranderen alde? Zer dugu Miranderen kontra? Bereiz al daitezke bata eta bestea? Bereiz al daitezke pertsona eta obra? Ba al daukagu gutxieneko ezagutzarik, gaitasunik, gogorik bai artistaren bai artelanaren azterketa neurtu eta objektibo bat egiteko?
Asko idatzi da Miranderi buruz, baina ia dena da ote, omen, bide… Idazle paristar-zuberotarraren heriotzatik 50 urte igarota eta jaiotzaren mendeurrenean, Mikel Sotok inoizko ikerketa sakon eta zabalena egin du, Miranderen bizitza, sorkuntza-lanak, harremanak, ideologia, nortasuna, kontraesanak eta eritasunak arakatzeko eta argi-ilunak xeheki erakusteko. Haren idazlanak miatu ditu horretarako (poema, ipuin, eleberri, artikulu eta gutun pribatuak), haren bizitzaz dakigun guztia bildu, orain arte aztertu ez diren iturrietara jo (argitalpen bretoiak eta zeltak, nazioarteko hogei bat artxibo, CIAkoak eta Frantziako zerbitzu sekretuenak barne), profil psikologiko baterako proposamena elaboratu eta ikerbide berriak eskaini. Horrela aurkitu ditu lekukotasun berriak, argazki ezezagunak, testu ineditoak. Historialari zorrotz baten zientifikotasunez bezainbat maitale sutsu baten pasioz.
Beste askori barkatzen dizkiogunak Miranderi hatza zaurian sartuz leporatzen dizkiogula erakusten du egileak, susmoak datu eta mesfidantzak egia ziur bihurtuz, inongo frogarik gabe. Miranderenganako ezinikusi hau, ordea, ez da berezko problema, gaitz sakonago baten sintoma baino: geure burua ederrestearren pagaburu erraz bat hartzeko joeraren erakusgarri, menpean gaituzten metropolien aurrean morroi txintxoarena egitearren gutako bihurriena koldarki salatzeko makurduraren seinale. Eta horren guztiaren petzero ez da soilik Mirande, baizik eta euskal kultura eta jendartea bera.