LARUNBATAK

Autorea: Jon Arretxe

ISBN: 978-84-8331-793-8

EAN: 9788483317938

Argitaletxea: Elkar

Bilduma: Literatura

Edizio data:

PVP originala: 16.20 €

Erosi

Sinopsia

Ostegunak eta Ostiralak ipuin-bildumek izugarrizko arrakasta izan baldin bazuten euskal irakurleen artean, hona haien segida, trilogia ixtera datorren nobela. Larunbatak ez da ipuin-liburua, hala ere: nobela bat da, eta bere berezitasunen artean dago txakur bat izatea bertako protagonista eta narratzaile; hemen kontatzen zaizkigun istorioak ez dira ordea animalien kontuak, hankabikoen komeriak baizik, modu barregarri bezain alaian azalduak.
Hogei urteko gazteek parranda izaten dute uneoro buruan, eta asteburuaren zain egon gabe ostegunetan bertan irteten dira, trago eta berriketa artean zer lortuko. Hogeita bost urtetik aurrera, ikasketak bukatzearekin batera bidegurutze bat topatu ohi du jendeak bere aurrean: lan-mundu serioan behin betiko eta buru-belarri sartu, ala lehengo bizimodu ganorabakoa luzatzen saiatu; astean zehar beste eginbehar batzuk dituztela-eta, ostiraletan atera ohi dira kalera, tabernaz tabernako ibileran zer edo zer harrapatu nahian.
Hogeita hamarrak bete eta gero, azken mohikano batzuk gelditzen dira, gaztaroaren apurrei nola-hala eutsi guran, harearen moduan esku artetik alde egin baino lehen. Ikasle garaian bezala taldekako pisuetan bizi dira, egunean egunekoari helduz, bohemiaren eta marjinaltasunaren artean mugituz, eta, beren betigazte iraun nahi horretan, patetiko samarrak gertatzen dira.
Jende-mota hori da Larunbatak liburuko protagonista nagusi, beste hamaika gizon-emakume bitxirekin batera, guztiak ere txakur bihurri baten begirada ironikoaz ikusiak. Izan ere, Txo deritzan txakur adar-jotzaile hau bihurtu du Jon Arretxek bere azken nobelako gidari eta kontalari, trilogia arrakastatsu bati amaiera gogoangarria emateko.
Jon Arretxe (Basauri, 1963) euskal filologian doktorea da, heziketa fisikoan lizentziaduna, hizlari, idazle eta abenturazale nekaezina. Obra zabal eta mamitsua osatu du urte gutxian: Tubabu eta Tuparen seme-alabak bidai kronikak, Urrezko triangelua eta Oroituz eleberriak, Hakuna Matata, Harresi Handirantz eta Lurraren taupadak gazteentzako kontakizunak, eta hiru ipuin-bilduma: Ostegunak, Ostiralak eta Zazpi kolore.