HONDOAZ GALDE. BIDERAKO SINTESIAK

Autorea: Jon Sarasua

ISBN: 978-84-1360-562-3

EAN: 9788413605623

Argitaletxea: Elkar

Bilduma: Eztabaida

Edizio data: 2026

Orri kopurua: 240

PVP originala: 22,50 €

Erosi

 

Zein dira gizakiak, nonahi eta noiznahi, bere buruari egiten dizkion galdera sakonenak? Zergatik dute gizon-emakumeek barrura eta kanpora begira jartzen dituen harago-min bat? Zertarako gaude? Zenbateraino hauteman dezakegu errealitatea? Errealitate iheskor honek badu hondo, iturri, taupada, asmo edo norabiderik?Galde-erantzunen bidez ari dira solasean liburuaren egileak. Egungo gizartean solasgai publikotik bazterturik dauden kontuez dihardute, errealitatearen hondoaz edo iturriaz, espiritualitateaz eta zientziaz, hainbat kontinentetako tradizio espiritualen emari zabalaz, egungo munduaren baldintza berriez… Zaila da arrazoiak atzeman ezin dezakeenaz gogoeta logikoak harilkatzea, eta hala ere asmo eder horri heldu diote egileek, adimenez bezainbat sentimenez, jakintza zabalaren tresneriaz eta urtetako gogoetaren esperientziaz.
Liburu honetan agertzen dena elkarrizketa-sorta zabalago baten lehen alea da, zeinak ororen muineko galderaz baitihardu, sakontasuna eta arintasuna uztartzen dituen formatu batean, gairik jasoenak xume egin nahirik, urrunak hurbil, abstraktuak atsegin. Egungo espiritualtasun likidoa, erlijioen izaera eta geruzak, emari filosofikoak eta muin esanezinak, modernitateko kritika-ildoak… Asko dira liburuan zehar landuriko arloak, polemikei eta arazoei iskin egin gabe.
Aro guztietan mugatu nahi izan da zertaz hitz egin daitekeen eta zertaz ez, eta hitz egin daitekeen horretaz ere ez dira gutxi zer pentsatu behar genukeen ezarri nahi diguten ahotsak. Horien ondoan, liburu honek, ausart bezain zintzo, mintzagaien irekiera bat proposatzen digu, ondoren norberak bere baitan edo komunitatean gogoeta egin dezan, askatasunez.