ESNATU ALA HIL – EUSKARAREN ORAINA ETA GEROA, DIAGNOSTIKO BATEN ARGITAN

Autorea: Garikoitz Goikoetxea, Iñaki Iurrebaso

ISBN: 978-84-1360-565-4

EAN: 9788413605654

Argitaletxea: Elkar

Bilduma: Eztabaida

Edizio data: 2025

Orri kopurua: 272

PVP originala: 22.00 €

Erosi

 

 

Noraez moduko bat sumatzen da euskalgintzan azken urteotan: euskararen indarberritze-prozesuak beste bultzada bat behar duela, baina zantzu gutxi dago urratsak non-nola egin. Badira esaten dutenak euskararen aldeko grina moteldu egin dela, lo antzean dagoela. Etsipen edo ilunaldi bat ere badago: azken hamarkadetan egindako ahaleginak ez duela ekarri espero izandako –edo amestutako– emaitzarik, batez ere erabilerari dagokionez. Aldartearen edo autoestimuaren ikuspegitik, ez dira euskalgintzaren garairik distiratsuenak.
Esnatze baten premia agerikoa da: astindu bat, urrats handiagoak, bestelako lan-ildoak. Orain artekoarekin honaino iritsi gara; aurrera egiteko, hori baino gehiago behar da.
Nola ari gara? Norantz ari gara? Sarritan, iritzi-uste hutsetan oinarritutako balorazioak egin ohi dira euskararen egoerari buruz, norbere sentsazioei soilik erreparatuta. Horiek gutxietsi gabe, baina, euskararen etorkizuneko indarberritze-prozesua irudikatzeko, ezinbestekoa da egoerari eta bilakaerari buruzko oinarri sendoa izatea, zer gertatzen ari den ondo ikustea.
Euskararen indarberritze-prozesuaren momentu giltzarri honetan, hizkuntza-larrialdiaz eta euskararen bidegurutzeaz hainbeste hitz egiten den garaiotan, ekarpen bat egin nahi du liburu honek: beste betaurreko batzuekin begiratu nahi diogu euskararen egoerari, ikuspegi demo-linguistikoan oinarrituz eta hizkuntzaren osasunari buruzko aldagai nagusiak aztertuz.
Datozen hamarkadetako bidea irudikatzeko, ezinbestekoa da begiak irekitzea: euskararen bilakaera eta egoera zein diren ohartzea. Euskararen biharko ametsak esnatzea eskatzen baitu gaur. Horretarako helduleku izan nahi du liburu honek: begirada argitzeko tresna.