Benito Lertxundi
Biografia
Ez dok amairu taldeko partaide izan zen. Han ekin zion bide bikoitz bati: kantu herrikoiak berreskuratzeari, batetik, eta kantu berriak konposatzeari, bestetik. 1968an bi disko txiki argitaratu zituenetik etengabe diskoak sortzen eman ditu 42 urte, moda guztien gainetik bide pertsonala garatuz. Mezu sakonak eta folk jantzia emanez kantuei, doinu sarkorrak egiteko dohain aparta dauka. Kantu ospetsu asko sortu dituen klasiko bat da.
Euskal kantagintza berriak eman duen musikaririk emankor eta beteranoenetakoa da, Euskal Herrian zein kanpoan miretsia eta laudatua. Oriotarraren abesti asko herri kantutegiko klasiko bihurtu dira; itzulerako bidea egin dute, herri kantutegira ere jo izan baitu Lertxundik, bereziki Zuberoakora. Horrez gain, Bretainia eta Irlandako doinuak izan ditu iturri nagusiak. Bere burua epikotasunaren abeslari gisa ezagutzera eman ondoren, azken hamarkadetan kutsu intimistagoa hartu du haren musikak.
Sari ugari jaso ditu musikariak azken urteetan. Horietako bat da Donostiako Udalak azken urteetan banatu duen Adarra saria. Mende erdiko "garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea" saritu diote Benito Lertxundiri.