Eduki gehigarria
Amets Arzallus, Kursaal DonostianIban Urizar Ondarza “Amorante, Elgoibarren
Endika Alzelai Garijo, Zumarraga
Juanjo Elordi Bilbao Gartxot, Ezkarozen
Ibon Malaxetxebarria eta Andoni Larrinaga, Gernikan
Irantzu Idoate Funosas, Hazparnen
Joseba Sarrionandia, Bilbon, Arriagan
Esti Lopez de Ziordia Arrieta“Sukasuan”, Agurainen
Joseba Iturraspe “Mconak”, Lekitton
Libe Mimenza Castillo, Elorrion
Arratiako bertso eskola, Igorren
Arratiako Bertso eskola, Donostiako Kursaalen
Kontxi Aizarna Letamendia, Zarautzen
Miguel Mari Elosegi “Luze”, Leitzan
Andoni Tolosa “Morau”, Hernanin
Amets Arzallus, Kursaal Donostian
…
bideak libro behar lukela
norabaitera joaiteko”
Xalbadorren “Mendian galdu direnei” bertso sortatik abiatuta, Irungo Harrera Sareako eta Donostiko Kaleko Afari Solidarioak taldeko lagunekin
Ene Xalbador gaur egun ere
garesti dago ogia
eta dirutan bereizten dira
gaizkia eta ongia
arma berdinek zaintzen dituzte
Melilla ta Behobia
norbaitek balu gure mugara
gerturatzeko zoria
bidasoa da zauri bizi bat
ta zubi bat eroria
berriz kantari hasi zintezke
isildutako txoria
Gure alanbre, gure kamera
arma, horma ta zimendu
ia mundua itotzeraino
estutzeko prest geunden gu
baina badatoz migrante batzuk
esperantza, sufrimendu
hartu hesiak zangopean ta
txakurrak bistatik kendu
ta azkenean ze paradoxa
eta ze atarramendu
diruak ixten duen mundua
miseriak zabaltzen du
Iban Urizar Ondarza “Amorante, Elgoibarren
KANTU BAT GARA
Cantus, cantare, canere…Latinetik jaiotako hitz honek badauka sorginkeriaren erro bera. Hori bait da kantu batek erakusten duena. Entzuten dugun hori sorginkeria bat dela.
Imitazioa da kantuaren sorrera. Kopia, naturaren kopia. Animaliek badakitelako kantuak sortzen. Haiengandik ikasi dugulako. Geu ere kantu garelako.
Betidanik maitatu izan dugu kantatzea eta kantatu dugu maitatzeko. Zenbat kanta maitasunari eginak, maitasuna egiteko eta maite dugun hori zaintzeko. Pozik gaudenean kantatzen dugu eta baita triste gaudenean ere. Zerk laztantzen du hobeto kantu bat irrifarre edota malko batek baino?
Baina, zer da kantu bat? Soinuari esanahi bat bilatzea edota esan nahi den hori soinuez janztea? Kantu bat sortu nahi dugunean soinu eta hitzak aukeratzen ditugu kanturik ederrenak ehuntzeko. Jostunak gara sentitzen dugun horrekin. Hitzak eta soinuak josten ditugun diletanteak izan gaitezke baina era berean kantu zoragarriak josi.
Kantu bat gara irratia piztu eta guri abesten ari direla pentsatzean. Egunean zehar ziztu bizian bizi kantu eder bat bera ere entzuten ez dugunean, edota bizitzea musikal baten barruan egotea dela pentsatzen denean.
Kantu batek eguneko une ezberdinak deskribatzen dakienean, orduan ere kantu bat gara, edota kantu bat beharko genuke horretarako, gutxienez horretarako. Aurrean daukagun pertsona horri esan nahi dioguna, kantu batek geuk baino hobeto adierazi dezakelako. Kantu bat garelako.
Hitzak eta musika elkarri eskua emanda bizi izan dira gurean, elkarren artean muxukatuz, besarkatuz,…banaezinak dira gehienetan nahiz eta tradizioak tarteka, pentagrama altuegiak eraiki. Kantuak ere tradizioari traizio egiten ikasi behar duelako.
Hitzaren boterea hizkuntzan harakatzen topatzen dugu baita ere, kantuak berak duen boterea. Arma sekretu bat, kodifikatua dagoen arma bat. Norberak bere kode propioak eraiki eta interpretatzen dakiena. Ulertzen duena. Goxatzen dakiena. Bakarka baldin bada ere.
Kantu bat idaztea ez da erreza. Batzuek ezinezkotzat jotzen dute. Kantatzen dugunok edota kantuak sortzen ditugunok, badakigu ez dela egia. Zaila izan daiteke, baina mendeak daramatzagu kantuak sortzen, elkarri kantatzen, elkarren kontra edota elkarri bizkarra emanda kantatzen. Zenbat kantu gelditu dira idatzi gabe? Zenbat kantu gelditzen dira idazteko oraindik? Zenbat kantu idatzi eta inork entzungo ez dituenak. Erori diren zuhaitz horiek bezala. Inoiz erori baldin badira. Eta nola sortzen dugu kantu bat? Musika lehenik, hitzak ondoren? alderantziz?Musikari askok “watxuwei” arte fonetikoa erabiliz sortzen dituzte melodiarik ederrenak. Ondoren, hitzak sortu eta zenbaki txikiagoko zapata baten ohin handiago bat sartzea nahi izaten dugu, gure zapata galdua norbaitek topatuko duenaren esperoan. Baina zerk mugitzen gaitu kantu bat idaztera? Zer espero dugu trukean? Kanta batek (h)egoak balitu, ebakiko genizkioke gureak izateko. H-rik gabeko egoak.
Batzutan kanta bat meteorito bat bezalakoa da, extralurtarra dirudi eta biolentziaz lurrartzen duena, inguruko guztia astinduz. Baina gero, harri koskor horrek pisu gehiegi hartzen duen einean, espazio gehiegi okupatu eta mugiezina bihurtzen da. Entzunezina bihurtzen da. Kantu batzuk belarritik sartu eta bertan gelditzen diren okupak dira, baimenik gabeko abesti okupak. Luzeegiak diren egonaldiak egiten. Nondik sartu diren apenas jakin gabe. Baina belarriek ez dute sarrailarik eta seguruenik ez dute behar, baina kantu askok bihotzaren giltza edukitzeko boterea daukate, nahiz eta askotan solairuz konfunditu. Beheko solairura joan nahi eta ganbaran bueltaka gelditu.
Kantu bat aukeratu beharko banu, baina bat bakarrik, zein aukeratuko nuke? Kantu bat, ez bi, edo hiru, edo… Zeri kantatzen diodan galdetzen didatenean bezala, ez dakit zer erantzun. Edo nori kantatzen diodan. Beno, hori bai, zuri kantatzen dizudalako, edota zuei. Zuek ere kantu zaretelako.
Endika Alzelai Garijo, Zumarraga
ATONALIDADEAK
(Ehlers-Danlos Baskular Sindromea dutenei eskeinia)
1
Soinuak sekuentzi baten elkar konbinatzeko artea, Harmonia, melodia eta erritmoaren legea,
denak jarraituta lortuko dugu musika definitzea. Hitzen bitartez, poesiz, prosaz kantu baten bihurtzea. Forjatuko degu “kantuolan” soinu-elezko katea.
2
Azal, hezur, heste, arteria, zain eta ehun konektiboa, Hoiei guztiei lotura eman nahi die kolagenoa.
Kantu bat bezelaxe sortua gorputza da majikoa. Gurean armoniak nota bat egin du desafinoan. Entzuteko zaila dan abesti bat ekarri dut gaurkoan.
3
Kantu bat garela diogu ta horrek bildu gaitu hemen. Bakoitzak bere modura ditu hartu eta bereganatzen. Zuen aurrean hemen agertuz nago ahotsa urratzen,
aditu dadin mundu guztian kantatzera noa ozen, Atonalak diren hoiek ere jarri nahi ditut entzuten.
4
Bidaia luze maldatsu hontan bakarrik ezin dut bultza, bidelagun derrigortua da zientziaren jakintza.
Ez dezagun utzi bazterrean, emaiogu konfiantza, konposatu dezan partitura baten musika ta hitza, ahots garbiz kantatzean senda dezala betiko gaitza.
Beltxargaren kantua
Oinez heldu naiz
oinez nahi nuke atera,
eta batzuon eta besteon
oin hotsen murmurioan
zenbat xirripa eta erreka
zenbat hutsune
zenbat albiste eta heiagora
barkatuko didazue baina
ezin dut etsi kantu bat izatearekin
ez kantu baten parte
ez kantu baten printza
ez kantu baten birrin
ez kantu baten txirbil
ez kantu baten inar,
ez nuke kantu baten hilezkortasun
promesa gozo-epeletan ohitu nahi
eta lozorroan egon azkenaren zain
urrunegiak zaizkit kantuak
bertan bizitzeko,
zenbat hitz eder eta adore
zenbat irrintzi eta dolore
zenbat sakrifizio eta desfile…
auzo jendetsuegiak ez ditut maite:
Gernikako arbolaren adarretan
denok nola bizi gintezke
bertatik inor erori gabe
askori gertatuko zaizue,
kantuek xarmatu egiten naute:
herri eta hizkuntza ezinduak
bazterreko talde, borroka kolektiboak
ukatutako gorputzak,
inorezak, etxegabeak
eta amodio zailak
sarri oso maitagarria ez den
jendez betetako herriak
zaizkit laket,
haien artean nahi nuke oinez
eta kantuz bai,
baina kantu izatera iritsi gabe,
edo inoiz kantu izan eta
kantu izatetik aske
badakit hala ere gaur gaurkoz
kantu bat garena,
eta zainen erroan daramat
kantu izatearen zama,
Martxa baten lehen notak
edo Maitia non zira
zinez maite dut kantua,
beldur naiz ordea
kantu izatea ez den
ezer ez izateko kinkan bizi diren
herrien patua,
ezer ez izateko atarian diren
herrien kondena,
eta beti lanean
denboraren misil isilak
oinez etorri naiz eta
oinez noa,
kalez kale oin hotsak, taupadak
irritsak, asmoak tolesetan jarri
eta kantari hasi …
hala ere gauzak ulertzeko
modu asko eta asko
eskapatu eta
ihesi joaten zait,
nik bizi egin nahi dut
jendearekin orain,
ez kantu bat izan
oinez heldu naiz
eta oinez noa
Edorta Jimenez, Bakion
Hiru eder topatu dituzte
bart
Bakioko hondartzan
irriz
Kantuan ta dantzan.
Iber, iber, iberduero…
Nor zarete?
Egin diete
Poliziek galde.
Zer gara gu?, batek.
Nor gara gu?, besteak.
Laminak gara gu!, hirurek.
Pin, pan, pun,
Lemoiz apurtu.
Gogor eginez
Lortu dute
Ederretako bat lotzea:
Indar errepresiboak kanpora…
Beste biek ihes egin dute.
Atxilotuak gero esan duenez
“Horra behera
Nabarra ontziaren albora
Potrorik bada zoazte hara.”
Atxilotua anbulantziak eroan du,
hartan ere kantuan bera,
Lamina presoak askatu!,
ospitale psikiatrikora.
Kantuak eta lekuak nahasten dituela eta,
medikuek, eskizofrenia ez ezik,
Alzheimerra ere diagnostikatu diote,
“Ustezko laminari”, azpimarratu dute
Iturri ofizialek (ez da makala
urik gabeko garaiotan eta lekuotan iturri ofizialik izatea)
Inork ez daki zelan egin duen
horrek ere ihes.
Lasaigarriez eta uhalez oheari loturik
eduki baitute.
Ederrak odolez idatzita utzi du
izaretan eta paretetan:
Alzheimerrik ez daukagu.
Laminak gara gu,
Gaztelugatxe ez ikutu!
Kantu horixe gara orain
denok eztarri bakarrean:
Alzheimerrik ez daukagu.
Laminak gara gu,
Gaztelugatxe ez ikutu!
Enbaxadarik ez dugun bitartean
Martin Ugalde gogoan
Ez zigun inork irakatsi,
baina beti jakin genuen herra eta maitasuna bereizten,
eta gure biziak mugak zituela nonahi:
eurite sasoian bidea mozten zuen erreka bat,
parajeak ezezagun egiten zituen elurte bat,
bidea mozten zuen zuhaitz zain-irauli bat
albokoak ezkutatzen zituen mendilerro bat.
Ez zigun inork esan
askatasunari jarritako mugak
izanen zirela gure aginpidea:
eskolara edo lanera joan ahal izateko igaro beharreko checkpoint bat,
nor garen eta ez nor izan nahiko genukeen esatera behartzen gaituen aduana bat,
itoginez betetako errefuxiatuendako eremu bat,
belardi on bat zeharkatzen duen trenbide bat,
baserri eraitsi bat ezkutatzen duen hipermerkatu bat.
Bakarminean bizi gintezke,
laino trinko batean ezkutaturik,
isilaldi batean,
mugarik gabeko toki batean.
Hor ez ginateke ez arrotz ezta atzerritar ere.
Ederra zitekeen,
baina ederragoa da libre ez garela aitortzea elkarri,
egunkari bat behar dugula egunero nor izan nahi dugun baieztatzeko,
bulkada eder bat poema bat osatzeko,
min bat kanta bat osatzeko.
Ederra zitekeen atzerria non hasten den jakin gabe bizitzea,
inorenak ez diren lurretan;
baina ederragoa da jakitea
mugak egiten gaituela bertako,
bestearen hizkuntzan esandako agur hitz batekin egiten dugula hura pareko,
besteen esanek egiten gaituztela bagarena,
eta gure hitzek jabe berriak dituztenean direla gureago.
Kanta batean laketu gintezke jabetzarik ezean.
Egunkari batean iraun genezake enbaxadarik ez dugun bitartean.
KANTU BAT GARA
Kantuak pertsonak bezala badoaz transformazio etengabe batean, baina ez dira hiltzen.
Jaiotzen dira, mantentzen dute beren barnean zerbait. Berezko izaera bat, gorputz bat, errealitate bat.
Urteekin historia izatera pasatzen dira edota gaurkotasun osoa jarraitzen dute mantentzen. Baina ez dira hiltzen.
Jaio berritan lehenengoz entzun genuen kantua, zaila izaten da gogoratzen. Musika, Doinua, errimak, mezua… ezinezkoa hain goiz jaso genuen zerbait gure memorian txertatuta izatea.
Laurogeita hamargarren Hamarkadako egunak, gatazkak, tentsioak… istoria izatera kondenatuak. Baina ez dira hiltzen.
Bagoaz ordea transformazio etengabean… gogoratzen zaila egiten zitzaigun berezko izaera hori, errealitate hori, kantu berriez gorpuztu eta memoriaren txoko berriak hartzera pasatzen dira nahiz eta nahi gabe izan gutxinaka egiten dugun konkista hori.
Aitaren sorbaldatik herri baten haserrea ikustea tokatu zitzaigun. kantu desberdinetan haserre hori proiektatu eta urteekin horren parte izatera pasa ginen. Haserreak, kantuak bezala, ez dira hiltzen.
Esan ezin zirenak oihukatzen zirenean itzali ziren alde bateko tiro hotsak. Eta guk, kantuak genituen oroimenean, gaztetasunak ematen zigun sugarrak kantatzera behartzen gintuen nahiz eta aldatu ziren hauek zuten esanahia.
Kantu batek momentu bakoitzean mezu desberdina izan dezake nahiz eta berdina izan entzuten duguna.
Eta bai, saiatu ziren kantua ixilarazten, saiatu ziren akabatzen eta memoriaren zati handiagoak konskitatzea ekiditen. Baina ez etzekiten, kantuak ez direla hiltzen.
Jaiotzen dira, mantentzen dute beren barnean zerbait. Berezko izaera bat, gorputz bat, errealitate bat. Baina ez dira hiltzen. Herria ez da inoiz hiltzen.
Gabon, KANTU BAT GARA
Entzun! Ba datoz urrunetik doinuak: Hor datoz gure arbasoak, kantu bat xuxurlatzen, gure bihotzak laztantzen.
Hantxe dago Anbotoko Mari, gure Lur eder hau zaintzen. Begitu lamiak, erreka ondoan, ile luze ederra orrazten. Ikimilikiliklik!…sorgiñek dantzatzen dute… …eta urrunetik hona, kantu horren printza hemen dugu entzuten.
Entzun! Hor dabiltza adarrak mendietan, eta kanpaiak elizetan, guri deika, denok batu guran, etxean eta kanpoan gauden guztiak, kantu bat osotu nahian.
Entzun eta abestu! Aititek erakutsitako “Xalbadorren Heriotza”, amatxoren besoetan entzundako Lua lua, txikitan hainbat aldiz gozatutako Pirritx, Porrotx eta Mari motots, Tantum Ergo, Izarren Hautsa, Itsasoa gara, Maite ditut maite gure bazterrak…alboko kantukideei eskerrak
Maite ditut benetan gure bazterrak, maite ditut izkiña guztiak, argiak eta itzalak… …eta maite ditut doinu guztiak, handiak eta txikiak, maite ditut Amurizaren koplak eta Jon Maiaren habanerak.
Entzun! Entzun hizkuntza zaharraren doinua, goxoa, apala, zoragarria… Gure arbasoen oparia, bertsoen oinarri, idazleen sustrai, abeslarien lagun… Askotan, gehiegitan, sarriegi…ahaztua, baztertua… Zabaldu belarriak, eta bihotzak, eman, oparitu euskarari gure kantua.
Entzun! Entzun umeon garrasia: umeak gara, txikiak gara, baina ez ahaztu, zuon ondarea gara. Jagon gaitzazue, zaindu gure kantua, denon kantua, Guztiona izan den, guztiona den eta izango den gure kantua.
Ez ahaztu inoiz, kantu bat gara eta beti izango gara!
Juanjo Elordi Bilbao Gartxot, Ezkarozen
Gu Sapiensak omen gara eta nonbait beste animalia guztiengandik benetan berezi egiten gaituena, existitzen ez diren ideiak eta mitoak asmatzeko eta horretan sinisteko dugun gaitasuna da. Dirua, erlijioak, ekonomia, herrialdeak, enpresak, denak dira asmakizunak. Txoriak, lurra, zuhaitzak, errekak, gosea, erreproduzitzeko beharra, errealitatea dira, baina gaur egun errealitate ukaezin iruditzen zaizkigun hainbeste gauza, fikzioa dira, asmakizunak. Asmakizun horietan sinistu gabe ez omen gara gai 100 lagun baino gehiagoko talde bat osatzeko eta elkarrekin helburu batekin aritzeko.
Kondaira bat, asmatutako ideia bat da, ehunka urtetan ideia horretan sinisten dutenak elkartzeko indarra duen gauza bat.
Sinismena erlijioarekin lotzen dugu gehienetan, ze azken finean erlijio guztiak asmatutako mito bat dute oinarri. Nik, gaur egun ez dut inongo erlijiotan sinisten, Kristautasunean hezi ninduten eta adin batera arte benetan sinistu nuen Giristinoen mitoan.
Gaur egun, Gartxoten mitoan sinisten dut eta hori da gaur hemen esateko dudana. Nik sinisten dut Gartxot existitu zela eta Mikelot bere aitak hil zuela duintasunik gabeko bizitza gaixo batetik salbatzeko. Eta sinisten dut baita ere Xunerengan, Xune sortu berriarengan, gure seme alabentzako etorkizun duinaren esperantza esan nahi duelako niretzat.
Euskaldunok Benetan gertatu den historia erreala dugu eta aldi berean geuk asmatu, sinistu, maitatu eta defendatu dugun ideietan oinarritutakoa da. Geure asmakizun propio eta originala da, ez inork inposatutakoa. Guzti hori ez da ezer gure sortzeko gaitasuna galtzen badugu. Gure mitoak, gure sinismenak eta gu herri bezala indartuko gaituzten asmakizunak sortzeko gaitasunik ez badugu, ez dugu etorkizunik.
Campionek ipuin bat idatzi zuen galbidera bidean ikusten zituen bere herritarrak adoretzeko, suspertzeko, Itzaltzuko bardoa. Herritar asko unkitu zituen ipuinak eta beste sortzaile batzuk antzerki edo operarekin hauspotu zuten mito sortu berriaren garra. Gartxoten mito horrek unkitu zuen Benito Lertxundi abeslaria. Sinistu zuen Benitok mitoan eta sortu zuen Itzaltzuko bardoa kantua. Euskaldun asko unkitu zituen kantuak, tartean Marko Armspach eta Asisko Urmeneta. Bi gazte euskaldun berri. Komiki bat sortu zuten Gartxoten kondaira irudikatuz. Handik urte batzuetara Edorta Barruetabeña eta ni neu batu ginen sormen kate horretara eta Filma bat egin genuen eta Xune mitoa ere hor jaio zen. Gartxot-en herrikoek, Itzaltzukoek bere arbasotzat dituzte kondairako pertsonaiak eta Koba aurkitu zuten eta bide bat sortu eta zaindu.
Urtero, larunbat gau batean, gaueko ordu bietan, Benitoren Itzaltzuko bardoak denok biribilean jartzen gaitu eskutik helduta eta abesten dugu, zerbait sakratua, dibinoa balitz bezala, unkituta, zoriontsu ere bai … arnasa eteteko moduko unea izaten da.
Jantzita dudan kamiseta honetan jartzen du “sorkuntza libertateari eta libertatea sorkuntzari”. Libertatea, herria da niretzat, bere etorkizunerako behar duen edozer sortzeko libre den herria.
Gabon Ordizi, zenbat kantu gaur, ta zenbat esanezin
Jagobak esan zuen Iruñeako Gayarren, kantu bat baino ez gara azken finen.
Pentsatzen hasita: zenbat gauzei idatzi ahal zaie kantu bat? Ispilu aurrean ikusten duzun ezezagunari, maitasunari, indiferentziari, itxaropenari.
Olaia Inziartek minari idatzi zion, Ibil Bedik bideari, Habik ez dagoen helmugari, Sara Zozayak galdetzen digu kantu batez zertarako diren hitzak, zapaltzeko badira. Eta ia denok, Gartxoten modura zai gaude gure hutsunek nork bete.
Duela urte batzuk Lainek irudiari idatzi zion kantu bat, ikusi nahi ez nuen irudiari. Bertan hasi zen guzti hau, eta orduztik dena dira kantuak eta kontuak. Auzoari, etxeari, familiari, Altzagarateri idatzi nion, ez nuela gehiago behar; haiek eta igandeak; kantu askoren ta urte askoren bueltan oraindik igandero igandero elkartzen gea sukaldeko mahai zaharrean; Perikoren irratia oraindik martxan; bera bezela; Tapia eta Leturia, Laja eta Landakanda; bapatean Juanesen Camisa Negra; honi ere idatzi ahal zaio kantu bat.
Kantuetan daude gure zauriak ta gure bizia. Eta oraindik zenbat kanta dauden idazteko; idatzi nahi nieke kantu bat kuadrilakoei, ahizpari, duela lauzpabost urteko Ianireri, akaso zuri ere idatziko dizut kantu bat inoiz.
Kantuek mugitzen gaituzte, hara ta hona, eraman ninduten Ordiziko musika eskolara, lehen oholtzak zapaltzera, Altzagarateko plazan abestera eta kanpora sartzera. Gauzak zer diren gaur oholtza hontara ere ekarri nautela kantuek. Eskerrak ematea ere kantu bat izan daiteke; beraz gaurko hau osatu dezuen bakoitzari nere esker ona zuentzat banan bana, denok merezi dezue kantu bana.
Kantu batez hasi da gaurkoa eta kantu batek amaitu dezala, baino lasai ze oraindik asko falta da. Bizitza aldatu zidan kantu hura akaso zuena ere bada.
Ibon Malaxetxebarria eta Andoni Larrinaga, Gernikan
XORI BATEN KANTUA
Txori baten kantuak zera adierazten du…
“hemen nago, ni naiz.”
Txori baten kantua, sinadura baten antzekoa da, firma bat, aztarna bat. Haize bolada batekin desagertu daitekeen doinu sinple eta hauskorra, baina gure memorian betirako gordetzeko gaitasuna duen emozioa,
kantu zirraragarria.
Ez diruak eta ez desirak,
mundua emozioak mugitzen du. Eta guk badaukagu emozioz betetako kantu bat betirako godea; nondik gatozen eta nora goazen argitzen digun kantua. Kantu hori, Bedaruko Olabarria baserrian kantatu zigun Santiago Larrinagak, gure aitxitxe Santik. Txikitatik entzudako kantua; gu biok hazi gintuen kantua.
Doinu hori betikotzea, betirako gordetzeak baina, ahalegina dakar, izan ere pertsonen joera ahaztekoa,
denborarekin dena ahazten zaigu.
Eta horrela, ez ahazteko, kantu hau sortu genuen biok, txori baten kantuak bezala, hemen gaudela, bai, gu garela esateko kantua. Ez zaitxugula ahazten esateko abestia.
Kantu hori zure bolido gorrian, zure kuatro latas txikian igo geneuen, gurekin urrun eramateko Afrikako basamortuetaraino, zure kantua berriz bizitzeko nahiz ta zu egon ez arren.
Eta dena posible dela ikasi dugu, litezkeen gauzarik ederrenak ezinezkoak direla txoriek bezala kantatzen ditugun arte. Batera kantatzen dugunean ez dagoela geldituko gaituen mugarik, ozeanorik, basamorturik.
Eskerrik asko aitxitxe Santi eta eskerrik asko kantu hau posible egin duzuen guztioi.
Irantzu Idoate Funosas, Hazparnen
Kantu bat gara? Herri girelako girea kantu? Kantu girelako girea herri?
Kantua gira sortzetik beretik, amaren altzoak ematen digun goxotasunetik. Seaska kantuz hasten da bizia, isildu den bizilekua berotzen duelarik, bizi arnas bilakatzean. Eta hola goaz handitzen, nigar kantu, irri kantu, gure barna errateko tresna ere baita. Urrun direnak kantuz deitzen ditugu, bertsoz ere zenbaitzutan, eta saldoan biltzen gira gure plazerrak abestietan xekatuz. Ezin ahantzi behin baizik entzun ez ditugunak. Sekula ikasiko ez ditugun horiek. Aspalditik entzuten ez direnak eta bakoitzaren buruan sortu eta gelditu direnak, nehoiz ere argirik ikusi gabeak.
Dena eder dea kantuan? Zapaltzaile den kanturik ere baita munduan… eta gurean? Kantuz handitzean zein kantu izan nahi dugun hautatzeko dretxoa ere dugula ohartuko gira. Eta gure hautua eginen dugu, begirada beltzei muzin eginez. Askatasunaren kantua ez baita beti aske izatearena. Kantu hautatuez zahartzen gira. Kantuz ximurtuko zaigu larrua eta kantuz agurtuko dugu, berriz ere kantuz ospatzeko.
Hara beraz zer giren. Kantua gira bestarako, usu gaizki kantatzen badugu ere, kantua gira borrokarako, usu kantu soila bada ere, kantua gira biziaren zigorrei buru egiteko, irriz ihardesten badiogu ere eta kantua gira herioren aitzinean, izitzen bagaitu ere. Kantu josteta luze joatekoa da, nahiz eta, batzuetan, kolpez eten daitekeen. Makeako bestetara joanen gira, izotzik gabeko whiskia eskuan, kokinkeriak ez direla fini erratera. Kantu kokinkeriak ez baitira fini, ez hemen, ez han!
Mutiko bat, 12 urte inguru. Izango ditu gabezia gehiago ere, baina gurasoek bat aurkitu diote: ez da gai solfeoan aritzeko.
Eskola partikularrak ematen dituen neska batenera apuntatu dute, eta hor doa zapaturo aldapa gora, Tximelarreko etxe batera: neskak pianoa jotzen duen bitartean, bera saiatzen da pentagramei, pentagrametako bolatxoei, zentzua aurkitzen. Baina ezinezkoa da: bolatxoen ordez, txoriak ikusten ditu kableetan pausatuta.
Zapatu horietako batean, mutikoa berriro heltzen da Tximelarreko etxera, zeharkatzen du lorategia, eta, ateko txirrina jotzera doanean, leihotik begiratu, eta, gortinen atzean, ikusten du neska pianoa jotzen, bizkarrez. Soseguaren eta edertasunaren irudia da, baina, aldi berean, mutiko horren ezintasun guztien irudirik etsigarriena ere bada.
Eta une horretan, beharbada, bere bizitzako lehenengo erabaki heldua hartzen du: jiratu, berriz ere lorategia zeharkatu, eta betiko abandonatzen du solfeoa.
Ez, ordea, musika. Ez ditu bolatxoak ulertzen, baina kantuak etxeak dira berarentzat. Txirrina jo beharrik gabe irekitzen ditu etxe horietako ateak, eta sartzen da musikaren pasilloetan barrena, heltzen da kantuaren jantokira, heltzen da egongelara, sentitzen du kantua leku bat dela: babesleku bat. Eta irekitzen du armairu bat eta prestatzen du kafea berea ez den etxe horretan. Bere-berea den etxe horretan. Eta heltzen da logelara, eta ohea egin gabe dago, tolesez betea. Eta hor sartzen da mutikoa, izara zimurtu horietan aterpe hartzera. Musikaren tolesetan bizi nahi luke: kantu batean bizi, sekula ulertuko ez duen misterio zoragarri horretan bizi, bere izaeraren tolesak nahastuz hango izaren tolesekin.
Kantu batean bizi; honetan, adibidez, ikusten ez diren baina inguruan dantzan dabiltzan bolatxo hauen artean.
Kantua zer da
Kantu bat hor zehar da, beti
Kantua da sorgina, aztia, barneko izpiritu ezkutuak askatzeko giltza duen konjuroa.
Kantua da hegalak irekitzen dizkidan haize ufada, txori bat, askea.
Batzutan kantua etxea da, behin ta berriz bere magal ezaguna eskaintzen didana, goxo, epel, nondik natorren galdetu gabe… aurreneko soinu ezagunak bularrean muxukatze hutsarekin nor naizen, nor nintzen, gogorarazten didan etxea.
Beste kantu batzuk berriz arrotz ditut beti, ezin inoiz kantu berdinera bueltatu, panpin errusiarren antzera, ireki eta beste dimentsio bat erakusten didate aldiro, erreketan bezala ezin inoiz ur berdinetan islatu, oiartzun anitzak, ahots berriak ematen dizkiote nire arimari, aldiro, eskuzabal.
Badira zenbait kantu gupidagabeak, ebaki egiten didatenak, harmarik gabe, bihotza.
Maitasun jaio berriarentzat desioa piztu eta sabela erretzen didan suzko herensugea izan daiteke kantua. Izan daiteke… goxoki bat aho barruan.
Badira kantuak urregorria direnak apurtutako bihotzaren zati hautsiak elkarrekin berriz jostekoak, zeramika japoniarren antzera hausitako gauzen edertasuna aldarrikatzen dutenak. Orbanak ere ederrak direlako.
Kantua da aita, igande goizetan Mikelen ahots sarkorraren gainetik Haika Mutil kantatzen, eta ni ohean, euri-tanten perkusioak kulunkatuta, logale, eternidadearen fededun, instant batek betiko iraun dezakeela sinestuta.
La canción es mi amatxu adorada, esperando en pie a un rabo de nube, omnipotente, que se lleve lo feo, y nos deje el querube.
Hodei arrasto horren zain betiko gelditzea da kantua niretzat.
Ispilu, putzu, ohiu, lehio, zubi, iturri, sendagai…
Hitzekin soilik adierazteko ederregiak diren gauzak, mundura erditzeko erak
Joseba Sarrionandia, Bilbon, Arriagan
KANTAK NONDIK DATOZEN
Jon Maiaren kantak nondik datozen ikertzen, deskubritu dudana esplikatuko dizuet.
Jon Maia harrituta geratu zen
Mikel Laboaren abestiak entzuten,
eta Georges Brassensenak…
“Hauek bai kantak, nik ere halakoak
egingo ditut!” esan zuen.
Mikel Laboak ideia bera izan zuen
orain dela 70 urte, Mixel Labegerie
eta Atahualpa Yupanqui entzunda…
“Hauek bai kantak, guk ere
halakoak egingo ditugu”.
Mixel Labegeriek Berterretxeren kantoria
eta Josemari Iparragirrerenak
ezagututa egingo zituen bereak…
“Hauek bai kantak, nik ere halakoak
egingo ditut”.
Jose Maria Iparragirrek Milia Lasturkoaren
eresia entzun zuen ustekabean
eta, handik egunetara, Marsellesa…
“Hauek bai kantak, nik ere
halakoak egingo ditut”.
Miliak, Lasturko dorretxeko neskak,
moroen herriko erostak ezagutzen zituen,
eta erromatarren denborako epigramak…
“Hauek bai kantak, guk ere
halakoak egingo ditugu”.
Orain ia bimila urte, Erromako Inperiopean, Catuloren
lagun euskaldunak, bere hizkuntza laster desagertuko zela
uste zuen arren, arbaso basatienak ber-abesten zituen…
“Hauek bai kantak, nik ere halakoak
egingo ditut”.
Eta antzina-antzina, Harri Aroan, neguan,
harpe ilunean sartuta suaren inguruan bildutakoek
Jon Maiaren kantok entzunez esaten zuten…
“Hauek bai kantak, geuk ere
halakoak egingo ditugu”.
Esti Lopez de Ziordia Arrieta“Sukasuan”, Agurainen
Zaila zait oroitzea kantatu nuen lehen aldia, zaila zait oroitzea EUSKARAZ kantatu nuen lehenengo aldia
Gogoan ditut neba zaharrek emandako lehen kasetak. Seguraski aspaldiko zinta horiek eman zidaten aukera. Mundu berriak ezagutzeko, ikasteko eta gozatzeko aukera.
Akaso Garai horretan ez nintzen ohartzen plastikozko zinta horietan grabaturik zeuden doinuek ekarriko zidatenaz.
Kantuak nire bizitzaren parte dira, ni haien zati bat naizen bezala.
Kantuak izan ditut eredu, erreferente eta aholkulari
Kantuak izan ditut bidelagun, uneoro nire ondoan, bidelagun eta parranda lagun ere
Kantuek egin naute naizena, sinisten dudana sinestera eraman naute, maitatzen dudana maitatzera…
Akaso kantuek egin ninduten feminista, akaso kantuek askatu ninduten
Kantuek salbatu naute, inork salbatu ezin ninduen unean
Maitatu eta zaindu naute, nik haiek zaintzen ditudan bezala
Osatu, berpiztu eta laztandu naute inork ez bezala
Badaude une magikoetara teletransportatzeko ahalmena daukaten doinuak, zulorik ilunenean egonda ere
Kantuek zure izena daukate, jadanik ez daudenen izenak eta egongo direnenak ere.
Aurpegiak, begiradak eta gorputzak dira. Kantuei usaia darie.
Nire bizitza egunez egun, baina, abestiz abesti doa.
Erraz osatuko nuke nire bizitzaren soinu banda euskaraz. Lehenengo aldiak gogoan ditut, lehen muxuak, lehen mozkorrak, lehen maitasun eza, bidai luzeak, lagunekin igarotako une ederrak, etxetik kanpo bizitzea, unibertsitate garaia, berrogeialdia…
Abestiak oroimenean daude haiek oroitzak diren moduan
Oroitzak, oro-hitzak. Hitzak, bai, baina melodia bat gehitzen zaienean bizia hartzen duten hitzak. Berpizten direnak
Kantatzen duen herria ez dela inoiz hilko diote.
Nik behintzat haur bat euskaraz kantatzen entzuten jarraitzen dudan heinean itxaropena mantenduko dut.
Kantuak bizirik badaude, itxaropena bizirik da. Doinuak bizirik badaude, gogoa bizirik da.
LIBURU BAT GARA
2010eko martxoan euskara elkarteak batu gintuen, euskarak batu gintuen, literaturak batu gintuen. Liburu bat irakurri, elkartu eta hitz egin.
Hortik aurrera liburu asko, pertsonaia asko, solasaldi asko, eta batez ere, une atsegin asko.
Irakurri, elkartu, hitz egin
Irakurri
Kantuak askotan gureak egiten ditugu, letrak entzutean gure bizitza antzematen dugu, gure sentimenduak, nahiak, ilusioak… hor geratzen dira, gure barruan betiko.
Halaxe gertatzen zaigu liburuekin, irakurri ahala pertsonaien bizitzetan sakontzen dugu, eta askotan aurpegia jarri ere; elkarrizketen parte sentitzen gara, leku ezezagunetara bidaiatzen dugu eta leku ezagunetatik pasieran ibiltzen gara.
Horrela, Sarrik Ainhoari idatzitako gutunak irakurri ditugu, Fakirraren ahotsa entzun dugu Harkaitz Canori esker, Arantxa Iturbek Koaderno zuri bat oparitu digu, Atxagari esker Paulo eta Daniel hobeto ezagutu ditugu.
Eta bidaiak: Koldo Izagirrerekin Parisen egon gara, urrutira joanda Linh jaunaren biloba ezagutu dugu, New Yorkera joan gara Kirmenekin, Unai Elorriagarekin tranbia hartu dugu, eta Fermin Etxegoienen autokarabanan sartu gara.
Hori guztia paper baten gainean idatzitako hitzei, esaldiei, paragrafoei, kapituluei, liburuei esker.
Elkartu
Ederra da elkartzea, partekatzea, ematea, jasotzea…
Literatura Txokoa Olbea euskara elkartearen aterpean sortu zen, baina ez gara ohol behean elkartzen, tabernan baino, Bar Gloria izan zitekeena, Nerea Ibarzabalekin elkartzeko.
Izan ere, Jasone Osorok 12etan bermuta hartzeko gonbitea luzatu zigun, eta… gu beti prest!
Hitz egin
Asko hitz egiten dugu, eta elkarri laguntzen diogu horrela.
15 ordu eman genituen hitz egiten, gero 75 eta ordutik aurrera ez gara isildu.
Liburuek uzten digutena, sentsazioak, haserreak, hausnarketak… lagunen artean elkarbanatzen ditugu, eta gure barruak hazten doaz, Eider Rodriguezek utzitako Eraikuntzarako materialaren laguntzarekin.
Eta munduak guztiontzat beharko lukeenez, eta beste mundu bat posible dela sinisten dugunez:
Irakurtzen jarraituko dugu, braillez eta piktogramekin ere bai.
Elkartzen jarraituko dugu, komunitatea garelako.
Hitz egiten jarraituko dugu, baita eskuekin ere; eskuetan ere gure hitzak daudelako.
Eta agian, agian, gure hitzek doinua hartu, ……eta kantu bilakatuko dira.
Gu ere, kantu bat garelako, gu ere, kantu bat garelako.
Kantua beregan du
Aitorren bizitzak
hona dakartzadanak
hala dira behintzat
Sahatsa esnatzea
jorik gehiegitzat
doinuak utzi eta
hartu ditut hitzak
Umetan gaixotzean
eztul ta pijama
aittejaune Zezilio
heltzen zen nigana
kontu zaharren batekin
ia erdibana
Errota zahar maitea
kantatzen zidana.
Geroago heltzean
oporren garaia
karabana hartuta
mendi ala plaia…
Urtxintxak oihanean,
Enrike Zelaia…
kaset batean ez zen
kabitzen bidaia
No time for love zen eta
Mariz maitemindu ta
Eh Sukartu
nonahi inguratuak
pletinetan sartu
artean ez baikinen
Urruzunotartu.
Autobusean Anje
deskubritu ahala
Negu Gorrian sartu
ginen berehala
ta uste dut oraindik
barruan dudala
Berlinen jasotako
lehenbiziko bala
Unibertsitatera
segidan joanda
Sorterriko koplentzat
iritsi zen txanda
Berandu genbilatzala
ezin antzemanda
entzun genuenean
Danbaren eztanda
Gerotik esatean
“goazen hurrengora”
izarren hautsa ez zait
berriz irtengo ba…
Horregatik gaur egun
iritzi sendo da
Poligrafo bakarra
ez dela denbora
Nahiz ez dudan ukatu
kanpoko eskea
erabaki dut euskal
kantak hobestea
ta bide batez ia
erdi sinestea
bat dela musika ta
kantua bestea
Izan naiz kantari txar,
izan naiz pirata
biolinjole ere bai,
kantuei tiraka
baina oraindik asko
geratzen dira ta
Biniloak jarraitu
dezala biraka, biraka biraka…
Doinurik gabe
Aitor Sarriegi Galparsoro
Joseba Iturraspe “Mconak”, Lekitton
Amumak abestutako seaska kantuen epeltasunian hartzen neban lo nire bizitzako lehen urtietan. Bizitzan hainbeste denborale pasatako emakume gogor hura etxian danontzako bazkarIa prestatzen gogoratzen dot Lekittoko kanta zaharrak abesten. Hamalu kirrizkarro, goizeko sei ta erdijetan, traola,… urte batzuk geruago konturatu naz bijotzian tatuata geratu zirila su epelian abestutsako abesti harek.
Aitxa itsasotik ailaga eta Citroen Visa txikiñian hara ta ona ibiltzen ginian. Makina bat buelta emoten eben Oskorrik eta Benitok gurian: Bizkaiko aberatsak, Maria Solt…eta Pino ambientadoria.
Arreba zaharrari ostutako kasetetan entzun neban laurogeigarren hamarkadako euskal rock taldiak…nik zortzi bederatzi urte eukiko nebazan Kortatu, Hertzainak, Delirium ezagutu nebazanian…euskal herrijan palmonduak eta kaliak sutan…zaldija trostan eta ondoren hiesak gure etxeko atia be jo eban..baina oraindik ez neban ezer ulertzen.
Ikastolan pasatako urte haretan ez zan musikarik falta. Kitarra bat klasian.. eta dultzainak…Marijesi, Olentzero, Turu turu, eta Donibane bezperan.
Nerabezaruan musikia lagun artian deskubritzen hasi ginian… inguruko herrietako kontzertuak. Ondarrun Def Con Dos, Etxebarrin eta Amoroton? Zelan ez Su Ta Gar…
Halako baten burugogor: “Ama…kitarra bat nahiot!” … ekinaren ekinez han juan ginian Bilbora bigarren eskuko denda batera nire lehenengo kitarra erosten.
Lehenengo akordiak, lagun arteko musika taldiak: Anplitude, Arrikaso…eta urte batzutara sustraietara buelta. Taldiari arrainen izena ipini eta folka & Rolla eitten hasi ginian korrontien kontra eta heavy tartian.
Orain guraso naizen honetan Rockero itxurak mantentzia gero eta zailagoa eittren jat. Gure kantutegia kamustu da eta sudur gorria dauko. Baina sudur gorridun piratak garela amesten jarraitzen dou.
Zer da kantu bat? Ez gara musikari onak eta ez dou ezer asmatu…baina barrutik badator zarata etxeko behar hori ezin da gorde. Ez itxi barruan. dutxan edo BEC-en, bakarrik ala taldian, triste edo alai…momentu bakoitzari bere soinu bandia bilatzera kondenata gaoz. Karen Blixen idazliak esaten eban moduan guztientzako sendagaia ur gazia da: Izerdia (inspirazioak lanean harrapa zaitzala), Malkoak (atera barrukoa lotsa gabe) eta ITSASOA.
Kantu bat gara-rekin Konturatun naz Jon nire bizitzako soinu bandaren ezkutuko protagonista zarela…Lekitxo ta Zumaia, itsasoa eta lehorraren artean dagoen marra finak batzen gaitu. Jon, zure kantutegian McONaken abesti bat falta da, beraz badakizu…hamen gaoz.
Gure ondoren datozezak harro abesten jarraitu daijen…KANTATZEN DUEN HERRIJA INOIZ EZ DALAKO HILKO!
Umetan txori txiki bat nintzen, ume guztiak bezala. Kalean, kantuan aritzen nintzen, baina, etxean ixilik egon behar. Gure etxean alkoholaren kantua bait zen nagusi nire haurtzaroan. Balkoia nuen maite, harek ematen bait zidan babesa. Bestela, etxe barruan… nahiago pentsatu ez! Ez zitzaidan batere erreza egin haurtzaroa, baina, pentsatzen nuen noizbait amets gaizto hori bukatuko zela.
4 urterekin musikako aitona ( atxona Joakin „Txiki“) ezagutu nuen, hark txirula oparitu eta txistu taldean sartzeko aukera eman zidan. Amets politak ere izaten nituen.
Eskolan (askotan nire kartzela) ere eman nituen nire lehen urratsak. Irakasleek ez nintzela konzentratzen eta inguruko denak molestatzen nituela. Norbait konturatu ahal zen nire etxeko alkoholaren kantuak zer eragin zuen nigan? Bat bai ( andereno Kontxi ), ta eskerrak! Asko lagundu zidan eta.
9 urterekin lagun batek ( Lander „Paletas“), musika bandako lokalera gonbidatu zidan. Ezin nuen sinestu halako tokirik egon zitekeenik. Hau da nire lekua, esan nuen. Han, nire musikako aita ( Agustin Arrieta ) ezagutu nuen eta hainbat osaba. Buruan amets berri bat sortu zitzaidan, eta oso polita!
Gaztetan amets gaiztoak bukatzen zeuden eta benetako ametsak indar handia hartzen zijoan nire barnean. Nire identitatea aurkitu nahian, galdera bat sortu zitzaidan. Pertsona normala ( asteburuak jai, fabrikan lan egin….) ala desberdina ( asteburutan ezin egon lagunekin, ordu asko bakarrik, musikara dedikatu….). Desberdina aukeratu nuen.
17 urte nituela talde baten dei bat izan nuen beraiekin jotzeko. Handik aurrera…. Skandalo Publiku, Gauero, The Gominols, Ilarko, Txalaparta txaranga, Jazzle Big Band, La Donostiarra ( Donostiko Musika Banda ), BIOS ( Bizkaiko Orkesta Sinfonikoa ), Su Ta Gar…. eta N.N.N. Blues Band.
J.C. Pérez, Foisis, Farri ( Itoiz taldeko kideak ) Gorka Benítez eta ni, hau izan zen N.N.N. Blues Banda taldea. Itoiz taldeko furgoneteroa (Josetxo „Kaskas“) hil zen eta nik ere asko ezagutzen nuen. Perezeri komentatu nion omenaldian parte hartzeko, baietz esan zidan. Kaskas, N.N.N. banderarekin irtetzen zen kalera, „Ni Neu Nai“ aldarrikatzen. Mutrikun ere bada beste bat N.N.N. erabiltzen duena, Deliriumeko Andoni. Ni Naiz Naizena, Ni…. Naizena naiz. Asko identifikatzen naiz lema horiekin. Hala ere hauek ez dira izan nire ametsak, ez behintzat umetatik izan nituen ametsak.
Gaztetasuna pasatzen zijoala, dei bat izan nuen Lekeitioko udaletik. Gustora hartu nuen dei hura. Oraindik barrua mugitzen zait akordatzearekin.
San Pedroak: Asier Uskola, Beñat, Unai, Asesa, Joana, Izaro….
Gau Magikoa: Gorka Benítez, Teresa, Ale, Aritz, Hasier, Nirankar, Luis….
Antzar eguna: Gorka, Eneka, osaba Joseba…
Flautak: Nere, Paula, Arai, Alicia
Oboe: Aroa
Klarineteak: Izaro, Gaizka, Ugutz, Naia, Karlota
Saxoak: Ibone, Itxaso, Asier, Iraia
Tronpetak: Aimar, Xabi, Naia, Gorka, Jokin, Angel
Tronboiak: Mikel, Iker, Amaia, Ane
Tronpa: Urko
Tubak: Erik, Igor
Kontrabaxua: Iñaki
Perkusioan: 2ttor, Mikel, Aiala, Maren, Beñat, Olga
Hau da nire AMETSA, AMETS hontan bizi naiz ta AMESTEN nahi dut jarraitu!
HEMEN! ORAIN! ETA GERO!
BAI, LEKITTON!
LEKITTO MUSIKA BANDA BAIT DA NIRE KANTUA!
Urtzi Iriondo Oliden
Libe Mimenza Castillo, Elorrion
Kantu bat garela esaten dugu,
akaso galdera eta harridura ikurrak dantzan dituen kantua gara,
bere egituran eroso bizi ez den urraduraz betetako doinua,
eraldaketa itaunez zirriborratzen den melodia
Eta zalantzaren balantzan bizi gara
Zeintzuk dira kantu horren notak?
Noiz hasi zen musika?
Ba al dakigu eskala eta erritmoa bereizten?
Zer dio errepikak?
Eta jakin nahiko nuke gehiago, kuriositate handia dut eta; esadazue:
Nork idatzi ditu letrak?
Nork kantatzen ditu hitzak?
Nor da kantuaren protagonista?
Eta azken galdera bat gehiago:
Denok ote gara kantu bat?
Promes egin ziguten baietz,
eta gu ez ginen fededunak
baina bai sinesberak,
eta buruz ikasi genituen letrak
Ez luzerako, ordea
Hemen eta eme jaio nintzen,
eta azkar ikasi lezioa;
bigarren ahotsa da kanturako jasotako partitura
Herri honen kantuak ere badu zauri sakon unibertsal bat
Hemen eta eme izanda,
oxigenoa galtzen dugula sentitzen dugu maiz,
itolarrian bizi garen gorputzak gara;
gaur
—orain—
indarkeriak zeharkatutako gorputzak
Zauriz,
markaz,
harramazkaz,
atzaparkadaz
eta traumaz lepo
daramatzagu
gure oinatzen alboan
gure itzalen siluetak
Sustraiak ebakitako adaxka sentitzen gara
Eta umetan,
plaza honetatik gora,
etxerako bidean aurkitzen genuen magnolioaz oroitzen gara
—gerizpe goxo haren oxigeno ahokadaz—;
ezein gizonek moztu ezin duen zuhaixka baita memoria
Hemen eta eme izanda
nahi nuke zuekin kantatu
lehen ahotsez beteko dugun
partitura bat
Gau ederra da gaurkoa,
elkarrekin,
ahopeka kantuan hasteko;
pluralaren aterpean
ertzaren epizentroan
ezberdinaren etxean
aniztasunaren babesean
bazterreko sinfonian
eta zapalduon perkusioan
emakumeon ahotsean
Hemen eta eme izanda
nahi nuke zuekin kantatu
kantu bat garelako, bai,
egiten ari garen kantu bat
Arratiako bertso eskola, Igorren
Gabon, KANTU BAT GARA
Entzun! Ba datoz urrunetik doinuak: Hor datoz gure arbasoak, kantu bat xuxurlatzen, gure bihotzak laztantzen.
Hantxe dago Anbotoko Mari, gure Lur eder hau zaintzen. Begitu lamiak, erreka ondoan, ile luze ederra orrazten. Ikimilikiliklik!…sorgiñek dantzatzen dute… …eta urrunetik hona, kantu horren printza hemen dugu entzuten.
Entzun! Hor dabiltza adarrak mendietan, eta kanpaiak elizetan, guri deika, denok batu guran, etxean eta kanpoan gauden guztiak, kantu bat osotu nahian.
Entzun eta abestu! Aititek erakutsitako “Xalbadorren Heriotza”, amatxoren besoetan entzundako Lua lua, txikitan hainbat aldiz gozatutako Pirritx, Porrotx eta Mari motots, Tantum Ergo, Izarren Hautsa, Itsasoa gara, Maite ditut maite gure bazterrak…alboko kantukideei eskerrak
Maite ditut benetan gure bazterrak, maite ditut izkiña guztiak, argiak eta itzalak… …eta maite ditut doinu guztiak, handiak eta txikiak, maite ditut Amurizaren koplak eta Jon Maiaren habanerak.
Entzun! Entzun hizkuntza zaharraren doinua, goxoa, apala, zoragarria… Gure arbasoen oparia, bertsoen oinarri, idazleen sustrai, abeslarien lagun… Askotan, gehiegitan, sarriegi…ahaztua, baztertua… Zabaldu belarriak, eta bihotzak, eman, oparitu euskarari gure kantua.
Entzun! Entzun umeon garrasia: umeak gara, txikiak gara, baina ez ahaztu, zuon ondarea gara. Jagon gaitzazue, zaindu gure kantua, denon kantua, Guztiona izan den, guztiona den eta izango den gure kantua.
Ez ahaztu inoiz, kantu bat gara eta beti izango gara!
Arratiako Bertso eskola, Donostiako Kursaalen
Maria Isabela Monteanu
Agur, bihotz-bihotzez
hau al da Kursaala?
ene, ze handia den
eta ze zabala!
hemendik somatzen da
atzeko kresala
bere indarrak hartu
ta busti gaitzala.
Sofia Traore
Pasaiako plazatik
ta Betroiarena…
Uztapiden ahotsa
ta Bilintxen pena
gure barruan dago
gaur, gordeta dena
gu gara lehengo ufaden
haize berriena.
Madalha Hafed Mohamed Salem
Nire basamortua
zortzigarrena da,
luzea da bidea
luzea da gaba
nahiz ta urruti dudan
hemendik Sahara,
nire bigarren lurra
orain da euskara.
Saida Aharrabous
Gure hizkuntza zaharra
dabil ahoz aho
atzo, asko ginen ta
gaur, gara gehiago
gauza bat behintzat dugu
geroz ta argiago,
etorkizuna gure
kantuetan dago
Kontxi Aizarna Letamendia, Zarautzen
SUTOPILen HEZI ZEN HAUR KANTARI BATEN OROITZAPENAK
“Egun on, bonbon”!, kantatuz egin zidaten harrera lehen aldiz Sutopilera iritsi nintzenean. Bi urte nituen eta ez nekien zer zen “bonbon”. Baina seguru nengoen zerbait ona, zerbait goxoa izango zela, izan ere, hori kantatu zuenaren aurpegiko irribarrea ikusiz, ezin zitekeen ezer txarra izan.
Borobilean eseri eta banan-banan guztion izenak kantatzen zituen egun onak emateko. Norberaren izena kantuan entzuteak bat eta bakarra zinela sentiarazten zizun, eta bakoitza ginen bezala onartuak eta errespetatuak ginela.
Izena jarri ezin genien emozioei kantuz jartzen zioten Sutopilen eta horrela ikasi genuen zer zen beldurra, tristura, poza, nahigabea, haserrea, amorrua… Kantu haietan identifikatzen ginen. Aurrean genuenak bazekien gu begiratzen eta horrek lasaitasuna eta segurtasuna ematen zizkigun.
Korru korruan, elkarri eskutik helduta, nik zuri, zuk niri, hartu eta eman, eman eta hartu; elkar entzuteak, elkar laguntzeak eta elkarlanak ondo sentiarazten zaituela ikasi genuen. Eta tipi-tapa kilometro bat oinez, bakoitzaren nortasuna galdu gabe, taldean ibiltzen ikasi genuen. Talde bat, komunitate bat osatzen genuela.
Txorien txorrotxioak entzunez jakin genuen herri bakoitzak bere kantua duela eta guk ahal genituen gehienak ikasiko genituela. Baina bihotzean, behin betiko, geurea eramango genuela: euskara.
Maitemindu ere, lehen aldiz, Sutopilen maitemindu ginen. Eta “zatoz maiteño, zatoz gure aterpera” kantatu genuen afalondoren piztutako suaren jiran.
Bizitzari kantatu genion eta bizitza kantu bat dela ondorioztatu. Ez beti alaia, kanta tristeak ere izan ziren Sutopilen. Maite genuen norbaitek betiko uzten gintuela jakitean sentitzen genuen tristura, kantuz adierazten genuen eta harekin bizi izandako une ederrak gogoratzean irribarretxo bat sortzen zitzaigun ezpainetan.
Bai, kantatu genion naturari, pozari eta tristurari, borrokari eta bakeari, maitasunari eta haserreari, euskarari eta askatasunari, bizitza kantu bat delako.
Eta zahartzen naizenean eta memoria galtzen dudanean norbait badatorkit “egun on, bonbon”! kantatuz, badakit nire begietatik bi malko potolo aterako direla eta nire ahoak irribarre goxo bat marraztuko duela. Izan ere, kantuz ikasitakoa ez baita hain erraz ahazten.
SUTOPIL: Angel Lertxundik, 1974n Imanol Urbietak asmatutako mundu magiko eta utopikoari jarritako izena.
Kantu bat gara, baita Tolosaldean ere, eta gure kantu eta koplen bidez, gure historia ere berreraiki dezakegu.
Nondik gatoz?
Tolosaldean ezagutzen dugun euskarazko lehen idazkia kopla batzuk dira.
1619. urtea. Gaua da. Leaburuko erretorea eta beste apaiz batzuek paskin batzuk ari dira zabaltzen Tolosako kaleetan Udaleko idazkariaren portaera salatuz, emazteari adarrak jartzen dizkiolako:
“Adarrak emaiten dira Miraballesen / dozena mila florinen”
Eta aurreraxeago: “Edukak geldirik porrua / eta jan egik sagar eldua”.
Baina euskarazko paskin haiekin batera erdarazkoak ere zabaldu zituzten. Gehiago gainera! Norentzat? Elite erdaltzalea genuen ordurako! Hortik ere bagatoz!
Baina herri xeheak euskara hutsez bizitzen eta kantatzen jarraitu zuen. Bigarren karlistadan euskaraz egiten zieten iseka liberalekin harremana izan zuten neskatxei:
“Tolosako neskatxak bostetatikan bi
aurten gelditu dira guztiz errukarri
bihotzetikan triste arimatik larri
alargundu direla esanez elkarri
hamaika malko eder zaiote erori”
Edo Joxeramon Garikanori ikasi nion hura, general liberal arabar bati kantatzen ziotena:
“Jera, jera, Tolosaldera, Loma bizirik sartuko etzera…”
Nondik gatoz?
Euskara hutsez idatzi zituen bere bertsoak Ramox Azkaratek
“Ta Galtzaundi, ta Galtzaundi… apellidua det Goñi”
Baina XIX. Mendearen amaieran jada, sumatzen hasia zen euskararen atzerakada:
“Nola ez bada deitu / Bizi bedi euskera
euskeraz ikasi ta / jaiuak bagera?
Guri sartu nai arren / derrigor erdera
euskerarekin joango gera gu lurpera”
Erdara gure kantuetan txertatzen hasita zegoen, ordea.
“Canciones bonitas, nahi nituzke jarri, para los carnavales entretenigarri…”
Egoera hartan euskaltzale batzuk euskararen pizkundeari ekin zioten. Lizardik poesia bilakatu zuen gure ametsa:
“Izotzak estali zuen gure Euskal Herria, mintzo ozenak zabaldu berbizkun berria!”
Bapatean gau beltza heldu zen. Frankismoak udaletxe aurreko plazan erre zituen Ixaka Lopez-Mendizabalen liburuak, tartean, kantuak eta bertsoak… Euskara desagertu egin zen kaleko kantuetatik:
“Isabelita, ponte a servir, y lo que ganes dámelo a mí…”
Baina sukalde eta eliza batzuetan, herri txikietan, sagardotegietan, herriaren zati batek eutsi egin zien gure abestiei.
Halako batean lurrikara:
“Lehego batean kalearen erdian, Bentaundi erdian, Xabier anaia hil zuten!”
Eta ahots eta doinu berriak: “Aitorren hizkuntza zaharra”, edo “Euskera putzu sakon eta ilun bat zen”…
Eta Tolosa ere pixkanaka esnatzen eta jaikitzen hasi zen… euskaraz! Ea denok batera… (In crescendo):
“Jeiki jeiki oi hortatik gaur tolosarra, inauteria beti….”
Gero eta ozenago! Denok batera!
Aspaldi jaiki ginen. Hemen gaude. Kantu bat gara!
Amalurra eta kantua
Amalurra eta kantua uztarri berean. Amalurrak erakutsi zigun kantatzen andra-gizonoi. Naturak kantua izan du bere adierazbidetariko bat: egunsentietako txorien kanta udaberrian, ilunabarretako kilkir kantarien kontzertu amaiezina udarako gau beroetan, hontzen gau deia, hego-haizearen ufada leuna edo bortitza , gaueko freskuran esnaturiko zapoen korroka, errekaren marmari etengabea. Natura kantuan ari da beti, ixiltasunarekin melodiak sortuz, harmoniatsuak gehienetan, bortitzak eta zipotzak tarteka.
Munduko txoko guztietako herriek lurrarekin ikasi genuen kantuan, gure sentipenak eta gogoetak adierazten. Berak egin bezala, hizkuntza ezberdinak sortuz, bakoitza bere doinuarekin. Munduko herri nekazariek, artzainek, arrantzaleek milaka urtetan kantatu zuten lurrak, eguzkiak, ilargiak zuzendutako erritmoak jarraituz. Kantatu diegu naturaren elementuei. Kantatu dugu lanean (arta-zuriketan edo larrainean), kantatu dugu bakarka gure bortuetan, lagun artean bizitza eta bizipoza ospatzeko, kantatu diogu maitasunari, penari, edertasunari,… molde askotan.
Hizkuntza, kultura eta kantu sortzaileak izan gara lurrarekin lanean aritu garenak. Naturarekin hizketan, elkarrekin bizitzen, elkar ezagutzen, elkarrengandik ikasi dugu beti errazak ez diren orekak bilatzen eta urtetan landutako bide horretan ezagutza eta jakinduria metatu dugu. Baina, egun distortsio ikaragarria sortu eta bizi dugu.
Azken hamarkadetako gizakion harropuzkeriak eta haundi-usteak urrundu gaitu milaka urtetan sortu eta sostengatu gaituen amarengandik. Bizkarra eman diogu lurrari, bere kantua zapuztu dugu, baina baita gurea ere. Lurraren eta gure komunitateen egiazko beharrak ahantzita, gure jakintzak eta aireak alde batera utzita, mundu globaleko merkatuen morroi izatera pasa baita gehiengoa kapitala orkesta zuzendariak idatzitako partitura kantatzera. Eta emaitza begibistakoa da: ez harmoniarik, ez akorde egokirik.
Barne eta belarriko mina eragiten duen desafinatutako musika asko entzuten da aspaldi honetan: krisi eta gerra hotsak. Ez dira gaurkoak, aspalditik zetozen ostotsak baizik. Lurra deika ari zaigu, giza-emakumeon bizitza eta biziraupena bera krisian eta jokoan dagoela oihukatuz. Eta ihesbiderik ez dagoela ohartaraziz, nahiz eta betikoek berdez margoturiko errezeta eta ameskeria berriekin betikoa egitera bultzatu nahi gaituzten, planeta mugatu eta hauskor batean bizi garela ahaztuta. Esnatzeko ordua iritsi zaigu. Amurizak bere Lurra kantuan dioen bezala iritsi da unea munduak uler dezan ezin duela izan. Alda zaitezte, alda gaitezen denak, sentimen eta buru, adimen eta inguru, alda ezazue dena, ez ehortzi gure lurra, gu baigara lurra bera, lurra da gure alaba, lurra da gure ama.
Amalurrak eta guk, elkar zainduz, itxaropenezko kantu berri bat sor dezagun
(irrintziarekin amaitu)
Miguel Mari Elosegi “Luze”, Leitzan
Iep! Jonek saltsa hontarako amua bota ondoren gidoi moduko hau idatzi nuen, baina gero Aretoan ez nuen irakurri eta ez dakit zenbat aldendu ote nintzen gidoitik. Hor konpon, earki pasa genuen:
.Kantuen eskutik ederragoa da bizitza, eta gaur hortantxe gabiltza. Garai bakoitzean, kantaren bat izan dugu bihotzean.
. “Arre arre mandoko bihar Iruñerako, etzi Tolosarako, handik zer ekarriko, zapata ta gerrikooo! Eta ni umetan zoriontsu, magalean hartuta hori abesten zidan amona Margarita bezalatsu.
. Leitzan badugu kanta magikoa, atzetik dakarrena ezagututa… gauza logikoa:
“Agiragirando, aquí estamos 4, cantaremos dos una limosnita por amor de Dios”. Eta magia, ttak! atea irekitzen da! “Gaur egun ona bihar pazkoa, etzi ezkontzen da gure atsoa”. Eta ttak, berriz ere magia! atea ireki digunaren bihotza ere irekitzen da! “Agira magira kukurruku ollarrak ontzi hautsittu”, eta ttak! hau bai magia, eskua irekitzen da eta goxokiak eta dirua ematen dizkigu. Umeak noski, harrotuta, nahi adiña goxoki lortuta. Beño, kanta magikoaren koxka ez ahaztu sekula: Santa Ageda bezperan bakarrik funtzionatzen dula.
.Heldu zen gaztaroaren txanda, eta buruan beti pesta eta parranda. Gure musika taldea zen Xagu ta Sator, musikero ez hain txarrak beño portatzen giñenak jator. Gure kantarik onena: “pixtan barrena”. Bitelsek sortu eta Leitzen Tomaxinek zabaldu zuena.
.Leitzeko Kultur astean, Iparralde egunean, sentimenduak borborka barrenean. Hura kanten altxorra, eta abestean ollo pikorra: Gu gira euskadiko gaztedi berria, Araban bagare, Hegoak ebaki banizkio, Euskal herrian euskaraz… Ez zen dena pesta. Herrigintza bazen gure kezka.
. Garai batean artazuriketan, Arrosnabarrak abesten zituzten gure baserrietan. Beño etorri zen baserriaren gainbehera eta harekin batera, kulturaren galera. Kanta zahar guztiak ez dira, ordea, galdu, txistulariek asko dituzte gorde eta zabaldu: “kattaliñ ariñ ariñ, kattaliñ ariñe zenbaten saltzen duzu dozena sardiñe”. Eskubi, Soro, Kazo, Pilartxo, eta koadrilla, parrandarako jende abilla!
. Eta Leitzen hutsetik bertso eskola giñun sortu, eta bistan da, kanturako bidea ez zaiola agortu. Eta Areto hontan aritzen da entsaiatzen Jeiki abesbatza, Leitza bihurtzen duna ahots ederren baratza.
, Ez nuke bertsolarien lana gutxietsi nahi, (Jon, lasai egon ai), beño Leitzen abesten ditugun kantu mitikoen hitzak aztertuta… ai ai, ai! Gure iñauteritako bandaren himnoak adibidez, hala dio: “Frankiko trena txutxu, ia oa ia oa. Frankiko trena txutxu, ia oa ia o”. Ez dirudi goi mailako poesia beño bai hitz gutxikin asko esateko era ziñez berezia. Ia oa Plazaola, kinki-kanka kea dariola… Eta eskerrak trenari ateak ireki zitzaizkion leitzari.
.Eta iñauterietan, pesta, herrian eta baserrietan. Eta jakiñe, esketik bueltarako Arbola abestu beharko. Jarri mesedez arreta, gakoa bertsio honen hitz sakonetan dago eta: “La, lalalalalala, la lala lala …” watxapari begira bizi garen garaietan, zerbaiten parte sentitzen gara iñauterietan, eta taupadak sentitu gure bihotz eta zañetan.
. Eta gañera Luze, ez jarri hitzekin hain ergel, hire pestako himnoa, motel, deus ulertu gabe eta zepel, beti izan duk eta jaiwai tu jel.
. Millesker Joni eta Leitzari eta badakizue, ahal den neurrian jarraitu kantari!
NORENAK DIRA KANTUAK?
Zer da kantu bat, nota eta hizkietan kodetutako sentipen bat baizik?
Hizki eta notek deskribatutako bizipen bat ez bada?
Eta era berean, zer da kantu bat
hizkiak eta notak ez beste guztia ez bada?
Kantu bat zapore bat bezala da,
bizi izandako sentsazio, une edo esperientzia batetara
garamatzan bitartekaria.
Gure erroekin eta gure erraiekin konektatzen gaituzten
lokarriak dira kantuak,
gure subkontzientea astindu eta gure nia, bakoitzaren nia,
presenteago eginarazten duten giltzak.
Eta horregatik, norena da kantu bat?
Egile eskubideez hitz egiten dugu,
jabetza intelektualaz ere bai,
baina kantuak, gaur entzuten ari garen kantuak,
eta gaur entzun gabe gaur gogoratzen ari garen beste kantu guztiak ere,
paperean datozen eskubideetaz harago,
ez dira zureak Jon.
Kantuak gureak dira, kantuak zuenak dira,
kantu bakoitza berarekiko oroitzapen bat,
sentsazio bat edo esperientzia bat
lotuta daraman bakoitzarena da.
Kantu bat, begirada bat bezala,
ez baita begiratzen duenarena soilik,
baita begirada hark laztandu
edo begirada hartan islatzen diren guztiena ere.
Horrek egiten ditu eder,
horrek egiten ditu gure,
horrek egiten gaitu kantu.
ZAPATUA DA GAUR
Larregizko pisua dute ziegetako ateek
horregatik zarratzen dira hain astiro eta hain baldar.
Bisita eguna da gaur
eta horrelakoetan inoiz baino burdinago izaten dira ateak.
Ziegako litera gainean agonduta
hona ekarriko zaituen furgonetan imajinatu zaitut
eta leihoetako ganduan zure begiak bilatu ditudanean
hantxe aurkitu ditut nire beldurrak eta ametsak
hantxe aurkitu zaitut zeu ere, irribarre behartua
maitasun keinu bihurtzeko gai izango ote zaren zeure buruari galdez
erabakita zatoz furgonetako kristaletan lozorroan geratu diren
euri tantak biltzea dela hoberena
eta hitzen ordez bidaian bildutako tantek egingo digute kantu
bisita eguna da gaur
eta horrelakoetan inoiz baino biziago egoten naiz, urduriago,
zu nire bila eta ni zure zain
eskutik helduta akaso gaur itsasoa ikustera eroango nauzulakoan,
biluzik sartuko gara uretan elkarren zauriak osatzera
bisita eguna da gaur
eta horrelakoetan inoiz baino burdinago izango dira agurrak ere
zelatariak ateak zabaldu ditu eta banoa zure bila,
hain urduri eta hain bizi, izurde gazte bat bezala.
Eta biluzik igeri egingo dugulakoan lepotik zintzilik daroat toalla
bisita eguna da gaur
hortxe zaude zu, zutik.
Hementxe nago ni, isilik.
Kristal blindatuaren kontra elkartu dira gu bion eskuak
eta olatu zipriztinek laztandu dituzte gure irribarreak eta lotsak
Ilargiaren alde ezkutuan betiko gordeko ditut zure euriak eta laztanak
eta hitzen ordez
bidaian bildutako tantek egingo digute kantu.
Andoni Tolosa “Morau”, Hernanin
Ene bizitzako soinu-banda
HERNANI
HAURTZAROA. Lantegiko tutuak egunsentiari kantatzen, eguerdia agurtzen, gauari ongi etorria ematen, hiru txandatan. Egunero balkoitik ikusten genituen langileak; oinez, bizikletaz, autoetan… Handik eta hemendik zetozen Txinaurri ia anonimoak, elkar agurtzen, eta presaka, antzoki zaharkitu batena izan zitekeen atetik sartzen. Entzuten genituen, haien oinatzen erritmo hautsia eta doinu irristakorra, eta ondorengo isiltasuna, tutuaren bigarren joa, eta azkenik, atearen danbateko astuna, metalaren segundo batzuetako lerradura mingarriaren ondoren.
Eta nork dio hori ez dela kantu bat? Motorren hasperena, mailu mekanikoen zaunka, Orbegozoko tximinietako zikin kolore askotako kea, eta keak gora egiten duenean gertatzen den isiltasun astuna. Zer da orduan kantu bat.
GAZTAROA. Jada ez dago isiltasunik plazan, bildu da jendea. Presa atzo zen, gaur emergentzia, larrialdia, ezinbestea da. Zaila da musika arinen bat irudikatzea, jendea abiatu da Urumea kaletik behera, elkarrekin doaz, hasi dira oihuak, ez dago astirik, kutsatu da garrasien doinua, laster kalea erreko du Zinko-eneraino. Pausoek pentagrama bat idatzi dute kalean behera. Orain sinfonia bat da, sirenen argi urdinen erritmoa, tiro-hotsen armonia, deiadarren disonantzia, izua eta haserrea nor baina nor… Ze babesleku gutxi hainbeste gerrarako. Ordu batzuk iraungo ditu, oraindik, gaurdaino, genero musikalik ez duen guduak.
Pertsonek eta gauzek lurrera erortzean, eta haustean, ez dugu zarata bera egiten, baina ez al dugu merezi kantu bat?
HELDU USTETAN. Jarriko al diegu izena, lagunek, noizean behin, oparitzen dizkiguten txinparta ustekabekoei? Mi bemol? Do maior? Sol minor? Estali beharrean, Bodegako rockanrolak azpimarratu egiten du haien dirdira, eta edalontzien joan etorriak, eta begiraden soak, eta tabako nahastuak, eta… batez ere, kanpoan zain dugun ezinegonak. Ez dakit hau den bakardadearen antidotorik onena, baina, batzuetan, hitza betetzen du, melodia eraginkorra da.
Topa egin dezagun, bederen, kantu batekin, eta gogoa badugu, xahutu dezagun beste dozena bat, ahaztu baino lehen, gero eta aukera gutxiago ditugu eta, elkarrekin konpartitzen dugun musika intimo, hain intimo horrekin, gozatzeko.
Kale nagusian, Roldaneko iskinean jarri naiz, larunbata eguerdia da, jendea dabil gora eta behera, haiei begira ohartu naiz… denek, daramate kanturen bat alboan.
Denok, denok, daramagu kanturen bat, edo gehiago alboan.
NIRE HURRENGO BALA
Baserrian enintzen jaio ni
Amama Juanitan etxean
(Arbaso Zaharren etxean esan banu ziurrenik Juanitak kazkarreko bat emango lidake)
Udaberriak zein Negu Gorriak atzean
Etenik gabe darrai gure hariak baina korapiloz betia
Eutsi dakion pasadenak pasatzian
Lehen korapiloan, Eguzkitza baserriko larrean
Hilotza dago bizitzarekin jolasean
(Eguzkiak egun osoan zehar etengabe jotzen duelako du izen hori gure baserriak. Euskal Herrian baikortasuna esaten diogu horri. Eta ekiak bustitzen duen leku oro bezela oparoa da argitan… eta itzaletan. Gure hariko lehen korapilo hori, adibidez, itzaletan bizi izan zen luzaroan. Zeudenak eta gentozenak babesteko, akaso)
Baserriko lanetan zebilen aitaita
Ta patuak baino idi baten ostikoak jo zion
Bihotzaren aldaba
Bere bide beretik nola joango zen ba amama
Bere gain harturik bizitza eta heriotzaren zama
Hegoak ireki eta babestuz gerturatu zen besteengana
(Orain urte batzuk nire Plazaolatar familiaren zuhaitz genealogikoa erakutsi zidaten. Gizonezko formako adarrak baino ez zituen Intxaurrondoa zen hura. Abizen hori, Plazaola, enbortzat zuten adaxka maskulinoz betetako zuhaitz ahula. Intxaurrondo horretan Juanita Zubizarreta izeneko txoritxo batek jarri zuen kabi bat. Eguzkitza baserria; gure baserria. Zubizarreta abizeneko emakume batek eman zien Plazaolatarrei propietatean izan zuten beren lehen etxea. Eta babesa, indarra eta nortasuna. Zuhaitzak bi adar gehiago galdu zituen bidean, bi adar gazte. Juanitaren bi seme gazteenak. Bata osaba nuen eta Gazteena, gure aita. Haren atzetik, orduan bai, egin zuen hegan ere amama Juanitak)
Intxaurrondoan dagoen amamaren kanta
Bere mokoan behera doa malko tanta
Hil arte BIZI behar dugula gogorarazteko isuritako pauta
Gogoratzen gara noski nola hil zen aita, ta bere ondora nola hegan egin zenuen baita
Korapiloa egina daukagu haría eten ez dedin nahita.
(Intxaurrondoaren ondoan daude orain landatuta gure sokako korapilo guztiak. Amama, osaba, aita… Negu Gorriak atzean utzita aurrean udaberri asko dituzten hiru landare dira orain. Eguzkitzako izpiekin diztira ta itzaletan argi eginez bidea erakusten dutenak. Korapiloz betea, ñapa asko ditu gure hariak baina behin korapiloen jatorria ezagututa ezin hari hori miresteari eta zaitzeari utzi. Eguzkitzak bizirik darrai, kimu berri batek, anaiak, zainduta. Abiapuntu horrek niri perspektiba ematen dit. Gu gara joandakoek behin uzta moduan jasotakoa, ta guri dagokigu ereitea geroa)
Ni baserritik banoa
Ta ondo dakit nondik nora
Bizitzaren bideak irekita ditudala
Dena ume jaioberri baten begietatik ikusten dudala
Karabinan sartuta daukat
Nire hurrengo bala
Ignacio Pato Lorente, Madrilen
Kantu bat gara
1 Silvio – Malos tiempos 2 Itsasoari y Nirekin – Muerte y vida 3 Pueblo que canta 4 Cantar una canción es construir un futuro
Eskerrik asko bihotzez Joni gonbidatzeagatik, eta gaur hau posible egiten duten musikari, teknikari eta kulturako langile guztiei. Eta zuei, noski, etortzeagatik.
1.
“La ciudad se derrumba y yo cantando”. Eso cantaba Silvio Rodríguez. La ciudad se derrumba y yo escribiendo canciones, versos, podría pensar alguna vez Jon. La ciudad se derrumba y yo bailando, nos hemos podido quizá cuestionar muchos de nosotros en alguna ocasión. Es un mundo oscuro este, que nos somete con diferentes y perversas formas de dominación. Entre ellas, el silencio, la distancia, la pesadumbre, la soledad. La canción nace para romperlas y para recomponernos. Cuando Silvio dijo que la ciudad se venía abajo y él mientras andaba cantando, lo hizo precisamente cantando. Ni siquiera para dudar dejó de cantar. Quizá es que no le hubiéramos perdonado distraerse, como sigue la letra de la canción de Silvio. Si no perdonamos la ausencia de los y las cantantes es, simplemente, porque los necesitamos. Necesitamos, quizá más que nunca, la palabra, la música, la canción. Que nos perdonen ellos y ellas a su vez la presión.
2.
Debe de ser impresionante que alguien elija palabras que tú has escrito para despedirse de la vida. Eso me contó Jon que le ha pasado con Itsasoari begira. Pero también ha ocurrido algo con otro de sus textos. Hablo por ejemplo de Nirekin. Que las palabras que uno ha escrito sean las que suenan, las que ocupan el espacio entre dos personas cuando estas han cruzado miradas, se han acercado, han bailado y ha comenzado quizá a surgir un amor, que es una de las maneras de llamarle a una celebración generosa de la
vida. Dicen que cada vez que dos personas se enamoran se crea un nuevo lenguaje. Creo que algo parecido ocurre cada vez que alguien escribe una canción y otra persona la escucha, la baila, la aprende.
3.
“Si miro un poco afuera me detengo, la ciudad se derrumba y yo cantando”, cantaba Silvio. A veces, el escritor puede tener que mirar más hacia dentro que hacia fuera, pero una vez libre la canción, esta ya no le pertenece. Cuando una obra se hace popular, me dijo una vez Jon, le pasa una de las cosas más bonitas que le pueden ocurrir a una creación. Que su autoría se diluye. Una canción se convierte así en un animal mitológico. Pues me dijo Jon, también, que solo hay una forma de matar una canción. No cantándola.
Kantatzen dun herri bat ez da inoiz hilko. Un pueblo que canta nunca muere. No muere uno que canta sus propias canciones, como tampoco se extingue, sino que se enriquece, cuando adopta y adapta las canciones de otros, siendo ese “los otros” solo otra forma de decir un “nosotros”. Cantamos canciones de amor en tiempos de guerra. Y a través de ellas nos atrevemos a decir lo que quizá no debemos, no sabemos o no nos han enseñado a decir de otra manera. Es en las canciones donde se acaba lo no dicho, donde una herida puede cicatrizar. Las canciones son mapas, llaves. En canciones aprendimos también que se pueden hacer himnos sin música, que en Grândola, vila morena solo suena la voz y las pisadas sobre gravilla de los trabajadores del Alentejo volviendo a casa tras una dura jornada, exhaustos pero juntos. En canciones aprendimos que en cinco minutos la vida es eterna para Amanda, Manuel, para todas las Amanda y Manuel que seguimos siendo. Cantando se exorcizan miedos, se colectiviza la intimidad sin que dejemos de sentirla como nuestra. Las canciones hacen que por un momento lo imposible deje al menos de ser inconcebible.
4.
Para caminar hacia los mundos del mañana, necesitamos imaginarlos. Para que los consideremos futuros dignos de ser llamados así, futuros, tendrán que cumplir características que los hagan habitables. Es decir, que sean como mínimo justos y amables. Necesitamos canciones para el mañana porque estamos hechos de ellas. Desde que venimos a este mundo nos las cantan. Nacemos y una de las primeras cosas que nos enseñan son canciones. Nos las cantan para dormir, para darnos un sosiego que seguimos necesitando después, ya de adultos, y hoy en día quizá más que nunca. Si no cantamos es solo porque disimulamos que no lo necesitamos. Somos todos, todas, partes de una enorme canción. Una milenaria. Una que rompe barreras idiomáticas. Que une con el lenguaje. Una que es capaz de acortar distancias y derretir el frío, de refrescar el ahogo. Somos canciones en diferentes lenguas, con diferentes tonos, cadencias, velocidades, ritmos. Canciones melancólicas, salvajes, en repliegue o a por todas. Cantamos coreándolas en alto cuando conocemos la letra pero también canturreamos cuando solo la intuimos o directamente la improvisamos. La inventamos a partir de otras miles, millones, de las ya hechas y de las que están por nacer.
Somos una canción que, cada vez que se canta, nunca se canta igual. Una canción que está sujeta a nuestro ánimo y a nuestras fuerzas, pero también a nuestras necesidades y deseos. En todo eso, cantar una canción se parece mucho a construir un futuro.
Muchas gracias. Mila esker.
Hitz gutxirekin nator gau honetara, gaua kantuarena da eta
Soinu banda orijinala gara
Bere soinu banda jantzita etorri da gutako bakoitza
Ezin dugulako erantzi
Zutik segi ahal izateko hiri handian
Ziur
Horrelakoak gara, ziur , emanaldi honek bildu gaituenak
Kantu baten lehen akordea entzun eta lehertzen da zerbait buruan
Garuna hasten da mementoz betetzen
Espazioa eta denbora ez dira ezer kantua hasten denean
Hesi horren gainean salto egiteko kantua behar dugu, zaldiak behelainotan bezala hesirik gabe, denborarik eta espaziorik gabe, beste mundu batera iritsi arte.
Munduak bezala, barru barruan badudulako burdineko eta nikelezko indar bola, eta hor kantua k daude
Badut kanti bat 5 urte nituenerarte joateko, eguzkitara, Nafarroako Antzina, udaleku debekatura
Eta gero play list osoa, luzea, lekuz leku, jendez jende, iheslaria Madrilen
Tentaziorik.ez dut nire play lista hemen jartzeko
Hemen Jonen kantuak etorri.zaizkigulako
Madrila ekarri.dizkiguzu
Eta hau ez da kantu bat, fantasia bat da
Bakardaderik gabeko irla da
Beraz, ni, isiltzera noa
Jo ezazu berriro, Jon